Arbiki azukrerrea (Hebeloma sacchariolens) Hebeloma generoko onddoespezie bat da.[1] Oso susmagarria. Intoxikazio gastrointestinalak eragin ditzakeela uste da.
Deskribapena
Kapela: 2 - 5 (7) cm-ko diametrokoa, kanpai-itxurakotik hemisferikora, gero lau-ganbila, batzuetan erdiko eremua hondoratuta eta titi kamuts batekin. Ertza kurbatutik laura, izurtua eta zurbilagoa. Azal leuna, likatsua eguraldi hezean, okre kolorekoa, ilunagoa diskoaren eremuan eta argiagoa ertzerantz.
Orriak: Zabalak, sabeldunak, adnatatik emargitatura eta tartekatutako orritxoekin; buztin kolorekotik krema-okre kolorekoetara doazenak, eta ertz krenulatu eta zurixkekin.
Hanka: 4 - 6 (7) x 0,3 - 0,8 cm-koak, betea, zilindrikoa, luzetara zuntzekin, oinarria lodiagoa du eta pruinaduna goia; zurixka-krema koloretik krema kolorera doana,
Haragia: Lodia diskoan, mehea ertzean eta zurixka-krema kolorekoa, azukre errearen usaina edo laranjondo-lorearen usaina du eta zapore mikatza.[2]
Etimologia:Hebeloma terminoa antzinako grekotik dator eta errezel gaztea esan nahi du, perretxiko heldugabeetan bakarrik ikusten delako errezela. Sacchariolens epitetoa, azukrea esan nahi duen "sarkara" (sanskritoa) hitzetik dator. Haragiaren usainagatik.