Oharra: ez fidatu soilik orri honetan ematen diren datuez perretxiko bat identifikatzeko orduan. Inolako zalantzarik izanez gero, kontsultatu aditu batekin.
Kapela: 9 eta 18 cm bitarteko diametrokoa, hasieran ganbila eta ponpatua, gero zabaldua eta laua, inkurbatua eta uhindua, erdian konkorrarekin, baina titirik gabe. Krema-arrosa kolorekoa edo arrosa-okrea, batzuetan elurra bezalako zuria orban lausotu horiekin. Leuna, ia distiratsua, lirdingatsua denbora hezearekin.
Orriak: Hasieran zurixkak, gero boli kolorekoak. Oso zabal eta lodiak, orritxo dekurrente batzuekin.
Orritxo dekurrenteak: Hanka ukitzeaz gain, beherantz jarraitzen duten orritxoak.
Hanka: 6 - 10 x 1 - 2,5 cm-koa, orrietatik behera mehetuaz, kapelaren kolore berekoa, pixka bat okre lausotu samarrekoa, erradialki zilar koloreko zuntzexkekin edo pikor ezkatatsuekin apaindua.
Haragia: Zuria, gogorra, nahiko hauskorra. Kapelaren azalaren azpian arrosaz tindatzen da. Fruta usaina du, Peruko baltsamoarena edo jasminarena. Zaporea berriz ahula.[2]
Etimologia:Hygrophorus hitza grekotik dator, heze eta ekarri beharreko "phoréo"-tik, hau da, hezetasuna bildu eta kontserbatzen duenetik. Poetarum epitetoa latinetik dator, olerkaria esan nahi duen "poetarum" hitzetik.
Jangarritasuna
Nahiko ona. Mamitsua da eta tamaina handikoa, etekin ona du. Kontuan hartu beharreko perretxikoa da.[3]
Nahasteko arriskua
Hygrophorus pudorinus delakoarekin, honen kapelaren kolorea fuerteagoa da, gorrixka edo laranja-gorri distiratsua eta koniferoen basoetan ateratzen da; erdipurdiko jangarria, egostean jariatzen duen erretxin usainagatik.[4]
Sasoia eta lekua
Udazkenean hostozabalen basoetan, pagadietan eta hariztietan. Talde handietan ateratzen da.[5]
Banaketa eremua
Europa, Ipar Amerika, Japonia eta Zeelanda Berria.