Gibelgris kirasduna (Russula pectinata) Russulaceae familiako onddoespeziea da.[1] Ez da jangarria, bere usain eta zaporeagatik.
Deskribapena
Kapela: 4 eta 8 cm-ko diametrokoa. Ganbila eta ondoren zapala, hondoratua. Erdian biziagoa den okre-horixkatik arrexkara. Azala bereizezina, koipetsua, leuna, erradioaren erdiraino ertza ildaskatua.
Orriak: Ez oso estu, hauskorrak, negartsuak. Zurbilak, gero horixkak, herdoil koloreko orban batzuekin.
Hanka: 3,5 x 1 - 1,5 cm-koa. Zuria, harroa eta gero barnehutsa, hauskorra. Zuria, baina oinarrian arrexka.
Haragia: Zuria edo apur bat okrea, ale helduetan herdoil koloreko orbanekin. Ia arrainaren usainekoa eta zapore gozokoa.[2]
Etimologia: Latinetik dator Russula hitza, russus-etik, gorriaren txikigarritik: apur bat gorrixka, kolore gorria dutelako Russula generoko espezie askok. Pectinata epitetoa ere latinetik dator, orrazia esan nahi duen "pecten-pectinis" hitzetik. Kapelaren ertzeko ildasketatik.
Bere taldeko Russula generokoetatik, hau da haragia mina ez duena. Ezaugarri horri ezker, erraz identifika daiteke. Izan ere gainerakoetan zaila da espeziea zehaztea (Russula sororia, Russula farinipes, Russula fellea)[4]
Sasoia eta lekua
Udaberrian, udan eta udazkenean. Alde guztietan.[5]